Neiker teknologia-zentroak epe luzeko saiakuntzak mahastietan, zerealetan edo artzaintza birsortzailean bultzatzen ditu, nekazaritza-ikerketa sustatzeko
40.000 metro koadro baino gehiago dira, Baltsan entsegu-sarearen barruan. Gaur egun, sei saiakuntza daude, lurzoru-osasuna eta nekazaritza-jasangarritasuna ardatz hartuta
- Estrategia Empresarial
- 17-Julio-2025

Gaur egun, sei saiakuntza daude, lurzoru-osasuna eta nekazaritza-jasangarritasuna ardatz hartuta. Foto: Neiker
Biodibertsitate-galera, lurzoru-pobretzea, belaunaldien arteko erreleborik eza eta elikagai jasangarriagoen eskari geroz eta handiagoa dira, gaur egunean, nekazaritzako elikagaien euskal sektorearen erronketako batzuk, egun eraldaketa ekologiko eta digital sakonean murgilduta baitago gure sektorea. Alabaina, prozesu hori eraginkorra izan dadin, ezinbestean eratu behar da ikerkuntza-estrategia sendo bat, iraunkorra izateaz gain larrialdi klimatikoaren ondoriozko premia berrietara egokituta dagoena, hain justu.
Testuinguru horretan, Neiker teknologia-zentroak –Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundeak– Baltsan ekimena jarri du abian, lurzoru-osasunean eta nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaren jasangarritasunean funtsatutako epe luzerako saiakuntza esperimentalen sare bat. Apustu horrek indartu egiten du Euskadik nekazaritza-alorreko I+G+Ban erreferentziazko lurralde gisa Europan duen posizionamendua, eta nekazaritza-esparruan trantsizio ekologikoa bizkortzeko funtsezko tresna batez hornitzen du.
Baltsan ekimenaren helburu nagusia datuak, informazioa eta ezagutza denboran zehar sortzea da, nekazaritza-sektoreko ekoizpen-sistema erresilienteagoak eta jasangarriagoak garatzen laguntzeko, sektoreari erabakiak hartzea eta jardunbide egokiak hartzea erraztuko dion informazio erabilgarria eskainita.
“Epe luzerako nekazaritza-saiakuntzek informazioan eta ezagutzan funtsatutako erabakiak hartzeko datu garrantzitsuak eta ebidentzia sendoagoak ematen dituzte”, adierazi du Neikereko zuzendari zientifiko Carlos Garbisuk. Hau ere esan du: “Epe luzerako saiakuntzekin baino ezin dugu frogatu soluzio bat sendoa eta iraunkorra dela; agroekosistemen bilakaera behatzen dugu, lurzoruaren emankortasunari, biodibertsitateari, karbonoa bahitzeko gaitasunari eta bestelako funtsezko aldagaiei jarraikiz sistemek dituzten efektuei aurrea hartzeko”.
Sei proiektu aktibo
Neikerek Derion (Bizkaia) eta Arkautin (Araba) dituen eremu esperimentaletako 40 hektareatan baino gehiagotan, Baltsan sareak nekazaritza- eta ingurumen-erronka guztiei heltzeko sei saiakera garatzen ditu gaur egun, ezagutza sortzea, esperimentatzea eta jardunbide berritzaileak frogatzea konbinatuz, euskal lurraldearen ingurune kontrolatu baina adierazgarri batean.
Saiakuntza finkatuena txandakako artzaintza birsortzaileari lotuta dago. 2013az geroztik hona, proiektuak eredu hori etengabeko artzaintza tradizionalarekin alderatzen du. Lursaila lurzatietan banatzean oinarritzen da metodoa, artzaintza atsedenaldiekin txandakatzeko, eta larrearen birsorkuntza naturala errazten du horrek. Neikereko Animalia Ekoizpeneko Saileko ikertzaile Nerea Mandalunizek azaldu duen bezala, “jardunbide horrek aukera ematen du lurzoruaren kalitateak eta lurrak karbonoa finkatzeko duen gaitasunak gorakada nabarmena duela ikusteko, abeltzaintzaren produktibitateari kalterik eragin gabe, gainera”.
Mahastizaintzaren arloan, Neikerek saiakera bat egiten du 2018az geroztik, PIWI izenez ezagunak diren eta onddoek eta antzeko organismoek eragin ohi dien gaixotasunei –hala nola gorrinari eta zurinari– erresistentzia handia dieten bederatzi mahats-barietaterekin. Ezaugarri horiei esker, produktu fitosanitarioen erabilera murriztu daiteke, fruituaren kalitate agronomikoa eta enologikoa mantenduz. Barietateak ebaluatzen ari dira klimara eta tokiko lurzorura egokitzen ote diren egiaztatzeko, eta horietako lauk jada emaitza onak utzi dituzte agerian erresistentziari, produktibitateari eta kalitateari dagokienez.
Ildo horretan, 2019az geroztik, Neiker nekazaritza ekologikoaren alorreko ekoizpen-eredu bat probatzen ari da fruta oskoldunen zuhaitzetan zentratutako lurzati esperimental batean, Zanbranan. Bertan, Neikerek intxaurrondo-, hurritz- eta almendrondo-barietateen konbinazio desberdinak entseatzen ditu, zuhaitzen eta inausketa-sistemen arteko distantzia desberdinetako laborantza-konfigurazioekin batera. Aukera-aniztasun horri esker, espezie horiek ingurunera nola egokitzen diren ebaluatu daiteke, baita produktibitatea hobetzeko kudeaketa-estrategiak zehaztu ere, lurzoru-osasuna eta biodibertsitatea arriskuan jarri gabe, gainera.
Bestalde, zerealei buruzko saiakuntza batean, zentroak ongarritze organikoak alearen errendimenduan, kalitatean eta nitrogeno-eskuragarritasunean duen eragina aztertzen du, lurzoruaren emankortasuna hobetzeko, sargai sintetikoen –ongarri kimikoen– premia murrizteko eta ingurumen-inpaktua mugatzen laguntzeko.
Baso-esparruan, Neikerek epe luzerako behaketa intentsiborako lurzati bat ezarri du harizti atlantiko batean, eta ICP Forests sare paneuroparrean integratuko da hura, Euskadiko II. mailako estazio bakar gisa. Azpiegitura horri esker, hainbat parametroren jarraipen zehatza egin daiteke, hala nola basoaren osasun-egoera, lurzoruaren ziklo biogeokimikoak eta kutsatzaile atmosferikoen presentzia. “Azterketa iraunkor horri esker, hobeki ulertu ahalko dugu baso-ekosistema horiek nola erantzuten dioten klima-aldaketari eta bestelako ingurumen-presio batzuei”, Neikereko Baso Zientzien Saileko arduradun Ander Ariasen hitzetan.
Azkenik, ustiapen agrovoltaikoko proiektu berritzaile bat abiatu da aurten, nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpena eta energia berriztagarriaren sorrera bateragarri egiteko, abeltzaintza-finka baten gainean panel fotovoltaikoak instalatuz. Sistema horrek gerizpeko ardi-artzaintza ahalbidetzen du, eta aldi berean analizatzen ditu itzal partzialeko kondizioetan egindako laboreen bideragarritasuna, ganaduaren portaera, larrearen kalitatea eta biodibertsitatearen gaineko inpaktua. Ekimen aitzindaria Espainian, duen hedaduragatik, eta, horren bidez, Neikerek landa-eremuan trantsizio energetikoa integratuko duen eredu bat ezarri nahi du, nekazaritza-jarduerari uko egin gabe betiere.
Sei ekimen horiek Baltsan sarearen oinarri zientifiko eta teknikoa osatzen dute, nekazaritzako elikagaien sektorearen eraldaketa Europako Itun Berdean, Europar Batasuneko ‘Baserritik Mahaira’ delakoa eta halako estrategietan ezarritako jasangarritasunaren, erresilientziaren eta elikadura-subiranotasunaren helburuekin lerrokatzeko.
Baltsan sarea, epe luzerako egiten dituen saiakuntzekin, Berritzen Planaren, Neikeren eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenaren osagarri da eta horietatik elikatzen da, ezagutza zientifikoa nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektorera transferitzeko, soluzio praktikoak garatuz eta berrikuntza sustatuz, Berritzen Gunea, Berritzen Praktikak eta Berritzen Ideiak ardatzen bidez.