GUÍA DE LA INNOVACIÓN EN EL PAÍS VASCO 2023 “Hizkuntza-teknologiak auzolanean lantzen”

Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea.

Konektagarritasunaren aroan bizi gara, pertsonen arteko komunikazio moduak ez ezik, komunikatzeko inguruneak ere aldatu diren honetan. COVIDaren ondorioz, azkenengo urteotan bizitzen ari garen egoerak goitik behera astindu ditu gure giza-portaera eta balioetako batzuk, eta ingurune digitalaren garrantziaz kontziente izaten lagundu digu, halabeharrez izan bada ere. 

Gaur egun, hizkuntza bat ezin bada normaltasunez egunero erabili ingurune digitalean, aukera asko daude hizkuntza hori galtzeko. Hizkuntza baten bizi indar digitalak hizkuntza horren osasunaren berri emango digu. 

 “Pertsonen artean, eta, makinen eta pertsonen artean komunikazio eta interakziorako erabiltzen diren baliabide digitalek osatzen dute ingurune digitala”. Horrela definitu zuen INGURUNE DIGITALA Euskararen Adierazle Sistemaren Ingurune Digitaleko lantaldeak.

Hizkuntza baten bizi indar digitalak hizkuntza horren osasunaren berri emango digu”

Batetik, esan dezakegu komunikazio-ingurune bat dela ingurune digitala, dagoeneko gure bizitzetan sustraitu dena, eta euskaldunok komunikazio-ingurune horretan ere euskara erabiltzeko aukera guztiak izan ditzagun lan egin behar dugu.

Bestetik, arestian aipatu dugun definizio horrek beste erronka bat uzten digu agerian: ez gara bakarrik ari pertsonen arteko komunikazioaz, pertsonen eta makinen arteko komunikazioa ere ziurtatu behar baita euskaraz. 
Ezin atzean geratu eta hizkuntza-teknologien aldeko apustua egin behar dugu. Izan ere, hizkuntza-teknologietan euskararik ez badago, euskarak lehentasunezko eremu hau galduko du. Horrek konpromiso sendoa izatea eskatzen digu eta horrexegatik iaz GAITU-Hizkuntza-teknologien Ekintza Plana aurkeztu genuen Eusko Jaurlaritzako sail guztien parte-hartze eta lankidetzarekin.

Baina zertaz ari gara hizkuntza-teknologiez hitz egiten dugunean? Adimen artifizialaren atalak diren hizkuntza-prozesamenduaz eta itzulpen-automatikoaz ari gara hizkuntza-teknologiez ari garenean. Beraien helburua idatzizko zein ahozko hizkuntza prozesatzea da eta horren adibide argia ‘ITZULI itzultzaile’ neuronal automatikoa da.
Kontua da, egungo teknologiak testuzko eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen dituela hizkuntza bakoitzeko, eta euskara bezalako hizkuntza txikiagoetarako, nahiko daturik ez dagoela. Horregatik hizkuntza-teknologian ikertzea ezinbestekoa da datu gutxiagorekin hobeto funtzionatuko duten teknika berriak topatzeko eta euskara beste hizkuntzen parera eramateko. Euskadin ikerlari trebeak ditugu, unibertsitateko (UPV/EHU) HITZ Zentroarekin lankidetza hitzarmena dugu alor digitalean euskararen presentzia handitzeko ikerketa burutzeko eta honez gain, enpresak ere baditugu ikerketatik produkturako bidea egiteko. 

Adimen artifizialaren eta teknologien garapenak lanean harrapatuko gaitu baina euskarak jauzi hori egiteko beharko du ikerketaz aparte, gure hizkuntza komunitatearen laguntza. Izan ere, gaur egun ahotsa erabiltzen dugu eguneroko zereginetan eta jarduera hau handituz joango da. Horregatik, makinei guk geuk euskaraz irakatsi beharko diegu. 

“Auzolanean ari gara adimen artifizialaren
garapenean ere eta seguru nago bizirik aterako dela euskara”

Ildo horretatik, ahots datu-masa hauek batzeko GAITU izeneko kanpaina jarri dugu martxan udazkenean. “Batu ditzagun gure ahotsak” lelopean, euskal hiztunei gaitu.eus atarian sartzeko eskatzen zaie beren ahotsa grabatzeko eta horrela, euskal hizkuntza eta kulturaren garapenari ekarpena egiteko. 

Gure kasuan, konpromiso sendo bat eskatzen diegu herritarrei. Eredu izan nahi dugu, trakzio lana egin nahi dugu hizkuntza-teknologien eremuan euskarak kalitatezko hizkuntza-teknologiak garatzeko behar dituen tresna eta baliabideak sortu eta interesa dutenen eskura jartzeko.

Auzolanean ari gara adimen artifizialaren garapenean ere eta seguru nago bizirik aterako dela euskara, erronka handia da baina gure hizkuntz komunitate sendoari esker egingo dugu bidea, elkarrekin. 

 

Más noticias de Opinión / Iritzia