Neikerrek epe luzerako saiakuntzak bultzatzen ditu zerealetan edo artzaintzan

Saiakuntza finkatuena txandakako artzaintza birsortzaileari lotuta dago. Foto: Neiker

Biodibertsitate-galera, lurzoru-pobretzea, belaunaldien arteko erreleborik eza eta elikagai jasangarriagoen eskari geroz eta handiagoa dira, gaur egunean, nekazaritzako elikagaien euskal sektorearen erronketako batzuk, egun eraldaketa ekologiko eta digital sakonean murgilduta baitago gure sektorea. Alabaina, prozesu hori eraginkorra izan dadin, ezinbestean eratu behar da ikerkuntza-estrategia sendo bat, iraunkorra izateaz gain larrialdi klimatikoaren ondoriozko premia berrietara egokituta dagoena, hain justu.
Testuinguru horretan, Neiker teknologia-zentroak  Baltsan ekimena jarri du abian, lurzoru-osasunean eta nekazaritza, abel-tzaintza eta basogintzaren jasangarritasunean funtsatutako epe luzerako saiakuntza esperimentalen sare bat. Apustu horrek indartu egiten du Euskadik nekazaritza-alorreko I+G+Ban erreferentziazko lurralde gisa Europan duen posizionamendua, eta nekazaritza-esparruan trantsizio ekologikoa bizkortzeko funtsezko tresna batez hornitzen du. Baltsan ekimenaren helburu nagusia datuak, informazioa eta ezagutza denboran zehar sortzea da, nekazaritza-sektoreko ekoizpen-sistema erresilienteagoak eta jasangarriagoak garatzen laguntzeko, sektoreari erabakiak hartzea eta jardunbide egokiak hartzea erraztuko dion informazio erabilgarria eskainita.
“Epe luzerako nekazaritza-saiakuntzek informazioan eta ezagutzan funtsatutako erabakiak hartzeko datu garrantzi-tsuak eta ebidentzia sendoagoak ematen dituzte”, adierazi du Neikerreko zuzendari zientifiko Carlos Garbisuk. Hau ere esan du: “epe luzerako saiakuntzekin baino ezin dugu frogatu soluzio bat sendoa eta iraunkorra dela; agroekosistemen bilakaera behatzen dugu, lurzoruaren emankortasunari, biodibertsitateari, karbonoa bahitzeko gaitasunari eta bestelako funtsezko aldagaiei jarraikiz sistemek dituzten efektuei aurrea hartzeko”.
Neikerrek Derion (Bizkaia) eta Arkauten (Araba) dituen eremu esperimentaletako 40 hektareatan baino gehiagotan, Baltsan sareak nekazaritza- eta ingurumen-erronka guztiei heltzeko sei saiakera garatzen ditu gaur egun, ezagutza sortzea, esperimentatzea eta jardunbide berritzaileak frogatzea konbinatuz, euskal lurraldearen ingurune kontrolatu baina adierazgarri batean.

Baltsan entsegu-sarearen barruan, gaur egun, sei saiakuntza daude, lurzoru-osasuna eta nekazaritza-jasangarritasuna ardatz hartuta

Saiakuntza finkatuena txandakako artzaintza birsortzaileari lotuta dago. 2013az geroztik hona, proiektuak eredu hori etengabeko artzaintza tradizionalarekin alderatzen du. Lursaila lurzatietan banatzean oinarritzen da metodoa, artzaintza atsedenaldiekin txandakatzeko, eta larrearen birsorkuntza naturala errazten du horrek. Neikereko Animalia Ekoizpeneko Saileko ikertzaile Nerea Mandalunizek azaldu duen bezala, “jardunbide horrek aukera ematen du lurzoruaren kalitateak eta lurrak karbonoa finkatzeko duen gaitasunak gorakada nabarmena duela ikusteko, abeltzaintzaren produktibitateari kalterik eragin gabe, gainera”.
Gari ekologikoa
Beste aldetik, Neikerrek aurrerapausoak eman ditu gari ekologikoaren laborantzan, ekoizpen iraunkorragoa eta errentagarriagoa lortzeko. Saiakuntzak egin ditu ekologikoan okin-gaitasuna duten gari-barietateekin, kanpoko intsumoak minimizatuz eta txandaketa egokiak eginez. Azterketaren emaitzak aurkeztu dira labore ekologikoen entsegu esperimentalak ezagutzeko Arkauteko egoitzara eta Eskalmendira egindako bisita batean.

Más noticias de Actividad empresarial / Enpresa jarduera